Bizikidetza 3 eguna

2026/06/12

Ikasturtea amaitzear dela, Lekaroz BHIn Bizikidetza Eguna ospatu dugu, ikasturteari amaiera emateko eta elkarrekin bizitako uneak ospatzeko jardunaldi berezi batean.

Goiza zelai berdean egindako jolas eta ekintzekin hasi da. Giro ederrean, ikasleek eta irakasleek parte hartu dute, elkarbizitza, lankidetza eta dibertsioa uztartuz.

Ondoren, ekitaldi nagusia egin da. Bertan, hainbat ikasle taldek prestatutako kantuak entzun ahal izan ditugu, eta urtero bezala, irakasleek ere sorpresa ederra eskaini digute Ametsetan abestia interpretatuz.

Ekitaldian zehar, ikasturtean zehar lortutako hainbat arrakasta eta sari aitortu dira. Horrela, literatura lehiaketan, matematika olinpiadetan eta Kaixo Mundua webgune lehiaketan nabarmendu diren ikasleen lana eta ahalegina txalotu dira. Horrez gain, urtean zehar egindako hainbat jarduera eta bidaia ere gogora ekarri dira argazkien bidez: Frantses Departamentuak antolatutako Bordeleko eta Tolosako irteerak, baita 2. Batxilergoko ikasleen ikasbidaia ere.

Era berean, etapa amaitzen duten ikasleei omenaldi berezia egin zaie. 4. DBHko ikasleek taldeko argazkia jaso dute tutoreen eskutik, eta 2. Batxilergoko ikasleek, berriz, euren orla, ikastetxean igarotako urte hauen oroigarri gisa.

Jardunaldian zehar, gure komunitateko bi kide ere bereziki gogoan izan ditugu: Gorka Goñi Mendiburu eta bere ama den Lurdes lankidea. Haiei gure maitasuna, babesa eta indarra helarazi nahi izan dizkiegu, txalo bero baten bidez.

Musikaz, emozioz eta esker onez beteriko eguna izan da, ikasturtea elkarrekin agurtzeko eta uda aurretik azken oroitzapen politak sortzeko aukera eman diguna.

Uda on guztioi, eta irailean berriz elkartuko gara!