Denunciamos un ataque contra la convivencia y la integración de nuestro alumnado - Lekaroz BHI - Ikasnova
Denunciamos un ataque contra la convivencia y la integración de nuestro alumnado - Lekaroz BHI
Bizikidetzaren eta gure ikaslegoaren integrazioaren kontrako eraso bat salatzen dugu
2026/06/07
NAFARROAKO HEZKUNTZA DEPARTAMENTUARI:
GHETIFIKAZIORIK EZ, INTEGRAZIOA BAI
Bizikidetzaren eta gure ikaslegoaren integrazioaren kontrako eraso bat salatu nahi dugu. A ereduan ikasten duten ikasleen integrazioan egin den lana eta egiten ari dena, bortxaz moztu nahi dute, irakasle erdaldun elebakarrei emanez haien hezkuntza orduak. Gure ikastetxean euskaraz harremantzeko eta eskualdean euskaraz bizitzeko aukera ukatzen zaie, bazterketa sistematikoa inposatuz.
Gimeno buru duen departamentuaren enegarren eraso euskarafobo honek sortuko dituen kalteak argiak bezain larriak dira:
- Bizikidetzaren eta integrazioaren aurkako neurri inposatua da: gurea bezalako eskualde batean A eredua izate hutsa integrazioaren aurkako erabaki politikoa izanik, euskaraz ikasten ez duten ikasle hauen erabateko ghetifikazioa saihesteko modu bakarrenetakoa zen bi ereduetan irakasle berberak aritzea, zaila baita hizkuntza desberdinetan lerrokatu ditugun ikasleen arteko interaktuazioa. Jatorri desberdina, irakaskuntza hizkuntza desberdina, eta orain gainera irakasle desberdinak... bazterkeria sistematikoa.
- Euskararen normalkuntza prozesuan ezinbesteko arnasgune diren D ereduko ikastetxe baten hizkuntza ohiturak lehertzeko ahalegina zekena da: ikasgelaz kanpoko harremanak erdaldunduko ditu, administrazio lanak trabatu eta bikoiztuko ditu, koordinazio bilerak eta klaustroaren dinamika ez-eraginkor bilakatuko ditu. Euskara hutsean bizitzeko aukera (zaila bezain erreala) zapuztu nahi da, azken finean.
- Lan baldintzetan eta lanpostuen kalitatean ere atzerapauso nabarmena: jardunaldi osoko eta nolabait egonkortzetik hurbil zeuden hainbat lanpostu prekarizatuko ditu. Baldintza onetan lan egiten ahal zuten langileak lanik gabe geratuko dira, eta bi jardunaldi partzialeko bi lanpostu sortuko dira trukean, bi langile prekarizatuz. Astakeria galanta ikuspegi sindikaletik.
Honengatik guztiagatik, LEKAROZ BHIko klaustroak inposizio baztertzaile eta euskarafobo hau salatzen du idazki honen bidez, eta Hezkuntza Departamentuari eskatzen dio bertan behera utz dezala eskuartze onartezin hau, eta bertako Zuzendaritzarekin adostu dezala plantillaren osaketa, D ereduko zerrendetatik hornituz irakasle beharrak.
Era berean, dei egiten diegu inguruko instituzio, eragile eta D ereduko hezkuntza komunitateko kide guztiei, haiek ere salaketa hau babes dezaten eta haien esku dagoen guztia egin dezaten zentzugabekeria maltzur hau bertan behera gera dadin.
Lekarozen. 2026ko ekainaren 4an LEKAROZ BHI
