Korrika

2026/03/24

Gaur egun berezia izan da guretzat, izan ere, Korrika gure zonaldetik igaro da, eta Lekaroz BHIko komunitateak ere parte hartu du ilusioz.

Hasieran aurreikusita zegoen bezala, Korrika 10:40ak aldera iristekoa zen Gartzaingo kruzera. Hala ere, atzerapen txiki batekin etorri da, eta bertan bildu gara ikasle eta irakasle ugari, bide bazterrean giro ederrean zain. 

Gure ikastetxeari dagokion kilometroa Elbeteko kaskoan kokatu da, biribilgunetik Arizkun aldera abiatuta (1372. kilometroa). Tarte hori ikasle boluntarioek egin dute.

Gainerako ikasle eta irakasleok Gartzaingo kruzeraino joan gara hirugarren saioko irakasleekin batera. Handik aurrera, denok elkartu eta Korrikan sartu gara, elkarrekin korrika eginez Elizondoko tanatorioraino. Giro aparta sortu da, elkarlana, poza eta euskararekiko konpromisoa nagusi izan direlarik.

Ibilbidea amaitu ondoren, denok batera ikastetxera itzuli gara eta bakoitza dagokion klasera bueltatu da, egun berezi baten oroitzapen ederra eramanez.

Euskara gara... eta IZANGO GARA!!