Lekaroz BHIko irakasleok gure kezka azaldu dugu Hezkuntza Departamentuaren erabakiaren aurrean - Lekaroz BHI - Ikasnova
Lekaroz BHIko irakasleok gure kezka azaldu dugu Hezkuntza Departamentuaren erabakiaren aurrean - Lekaroz BHI
Lekaroz BHIko irakasleok gure kezka azaldu dugu Hezkuntza Departamentuaren erabakiaren aurrean
2026/06/08
Gaur goizean, Lekaroz BHIko irakasleok prentsaurrekoa egin dugu 2026-2027 ikasturterako Hezkuntza Departamentuak hartu duen erabakiaren inguruan dugun kezka azaltzeko.
Departamentuak iragarri du A ereduko bost plaza irakasle erdaldun elebakarrekin beteko dituela. Horrek esan nahi du gaur egun D ereduko irakasle elebidunek betetzen dituzten lanpostu batzuk murriztuko direla, eta horrek eragina izan dezakeela gure ikastetxearen eguneroko funtzionamenduan.
Agerraldian azaldu dugunez, neurriak bi arlotan izan ditzake ondorio nagusiak: ikasleen inklusioan eta euskararen erabileran. A ereduko taldeak anitzak eta konplexuak dira, eta urteotan esperientzia handiko irakasleek egin dute talde horien jarraipena, koordinazioa eta integrazioa bermatzeko lana. Uste dugu ikasle guztiek arreta eta laguntza egokia jasotzea dela gure lehentasunetako bat.
Era berean, kezkatuta gaude erabakiak euskararen presentzian izan dezakeen eraginagatik. Gure ikastetxeko eguneroko jardunean, ikasgelatik harago ere, euskarak toki garrantzitsua du, eta irakasle elebidunen presentzia funtsezkoa da hizkuntza horren erabilera naturala bermatzeko.
Horregatik, gure desadostasuna adierazi dugu, eta ikasleen beharrei, inklusioari eta gure komunitatearen errealitate soziolinguistikoari erantzunen dien irtenbide bat eskatu dugu. Lekaroz BHIko hezkuntza-komunitatearen alde lanean jarraituko dugu, ikasle guztien ongizatea eta euskararen normalizazioa helburu.
